XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.0. 1985eko OINARRI-URTE BERRIA. 1982ko OINARRIAREKIKO DIFERENTZIAK

Eragiketa estatistiko jarraituek, eta bereziki Urteroko Industri Inkesta bezala izaera ekonomikoa dutenek, sistematikoki eguneratu ohi den eta denboran erreferentzi puntu bat galdatzen duen tratamendu metodologiko bat eskatzen dute.

Horrelaxe agertzen da oinarri-urtearen kontzeptua, denborarekin Estatistikako Institutu gehienetara zabaldu dena.

Oinarri-urteak, edo besterik gabe oinarriak, denborazko konparazioetan (esate baterako hazkunde-ratioen edo prezio konstanteetako magnitudeen kalkuluan) aipatu beharreko erreferentzi puntu bat izateaz gainera, eta batez ere, definizio, sailkapen eta galdesorta eta argitalpen berriak egin edo diseinatzeko fase desberdinen tratamenduan zehaztutako lan-metodologia bat definitzen du.

Horregatik bada, oinarri-urtea, momenturik aproposena izaten da erizpide berriak, informazio berria, sartzeko eta denboran herrestatutako erroreak konpontzeko, eta berebat metodologia oro har hobetzeko.

Oinarri-urte bat eduki beharra begien bistako gauza gertatzen da, Industri Inkesta bezalako estatistika ekonomikoko eragiketa batetik abiatuz zer neurtu nahi den aztertzerakoan.

Lehenengo, makromagnitude industrialen kuantifikazioaz hitz egin behar da, zifra absolutuak kalkulatu behar diren zentzuan.

Ikuspuntu hau egitura-mailakoa da eta beste ekonomiekin era guztietako konparazioak edo ratio-kalkuluak egiteko bidea ematen du ustiapen eta produktibitateen kontuko magnitudeei buruz.

Hala ere, aurrekoak adina interes du magnitude horien denborazko aldakuntzak aztertzeak, koiuntura-mailakoekin bat etor daitekeen ikuspegia denez.

Izan ere, esate baterako, Barne-Produktu Gordinaren (BPGren) kasuan, gehiena axola dena da zenbat aldatu den, eta ez hainbeste bere zenbateko globala.

Gaia ez da sinplea, egia esan, ze aldagai bat zehazkiago neurtzearen eta urteko aldakuntzaren estimazio hobe bat egitearen arteko hautapena planteatzen bait du.

Kasu tipiko bat izan ohi da, aurretiazko neurketa desegoki batengatik edo informazio edo erizpide metodologikoetan emandako hobekuntza batengatik, aldagai bat alboratua gertatu dela ikusten dela urte jakin bateko estimazioan.

Hurrengo urtean planteatuko litzateke ez ote litzatekeen hobeto izango, balio absolutura hurbiltzeko, estimazio berriak sartzea eta horrekin urteko benetako aldakuntza batzuk sortuko lituzke, edota, alderantziz, urteko gehikuntza onartu eta guztizko balioa alboratua mantentzea.